Eguna: uztailaren 13a
Irteera: 8:00etan, Kirikiñotik autobusez.
Itzulera: 17:00etan
Irumugarrieta — Intzako Torrea (1.430 metro)
Lekunberri eta Aralarreko San Migel Baseliza lotzen dituen errepidean, Baraibar herria zeharkatu ondoren, Guardetxera heldu baino kilometro erdi lehenago, kotxeak baterian alde bietan uzteko aparkaleku bat dago. Leku horren izena Albi da eta bere inguruan trikuharri bat ikus dago. Aparkalekua amaitzen den tokian, eskuin aldera, ekingo diogu gure txangoari. Irekita egoten den ate batetik igaroko gara gora, Bustintza izeneko mendi-lepora aldera, eta izeidi eder batera eramango gaituen bidetik igotzen hasiko gara.
Igotzen hasi eta bost minutura, gure eskuinean txabola bat ikusiko dugu. Hemen bide-txigorrak ezker aldera jotzen du. Gure ezkerrean beste bi bide agertuko dira, bata bestearen ondoan, baina guk biak aldamen batera utzi eta aurrera segituko dugu, eta hamar minutu beranduago pagadi batean omen dagoen beste txabola bat ikusi dezakegu (oso estalita dagoela ematen du, guk ez baikenuen ikusi). Handik pixkatera zabalgune batera aterako gara, hemen bideak berriro ezkerretara jotzen du eta hantxe, gure ezkerrean, lehen artzainek erabiltzen zuten etxola bat dago. Bidea malkartzen hasten da toki horretan, lehen aipatutako izeidi horretara iritsi bitartean. Izeidiak gure eskuinean ikusiko ditugu igo ala, eta gure ezkerrean aita kaputxino baten omenenezko hilarri bat ikusiko dugu (30 minutu). Han ezkerrera joko dugu eta haitzarte batetik igaro ondoren, txabola duen beste zelai edo zabalgunera batera aterako gar. Bi aukera daude. Gu eskuin aldera joan ginen, txabola baten aurretik igaro ginen eta erreka txiki baten parean doan bide-txigor estu batetik aurrera, zelai batera atera ginen eta gure eskuinean Beloki (1.271 m.) mendia utziz, mendi-lepo batera igo ginen, handik Aralarreko larre zabaletara heltzeko. Aurrez aurre Malloen gailurtzea agertuko zaigu, bere tokirik garaiena Irumugarrieta bera izanik.
Hemendik Irumugarrietara igotzeko aukera anitz daude. Errazena eta azkarrena hauxe da: ezkerrera joanez, mendi-lepotik ikusten den pista hartu, Uganako Putzura heldu (hau hezegune bat da, gaur egun berreskuratzeko garaian). Putzu honen inguratzen garenean, ezkerrean harri pila bat ikusiko dugu. Gune horretan eskuin aldera jo beharko dugu, gailurreraino oso agerian dauden markak bilatu eta handik aurrera marka horiei eten gabe jarraitu. Hasieran igoera belardi artean egingo dugu, baina gero harri karstikoz osatutako tokitik jo beharko dugu aurrera, pliki eta tentuz. Harri horiengatik, toki batzuetan zaila gertatuko zaigu, baina edoenentzako egiteko moduko igoera dugu hau, lasai hartuz gero.
Igoeraren iraupena: 2 ordu.
Gailurretik ikuspegiak izugarriak dira, baldin eta eguraldia lagun badugu. Iparraldean Donostia bera eta Aiako haitzak ikusten dira; ordularien orratzen noranzkoan begiak eramanez, Baztan haraneko mendiak, Esteribar, Nafarroako eta Huescako Auñamendiak, Iruineko arroa, Andia eta Urbasa-ko mendilerroa. Atzerago Loquiz mendilerroa, Errioxako Demanda mendilerroa, Arabako Kantabria mendilerroa, Anboto eta Urkiola, Aratza, Aitzgorri eta Txindoki.
Hamaiketakoa eta atsedena hartu ondoren, igo garen tokiaren beste aldetik, mendebaldera hasiko gara jaisten, marka gorriei jarraituz. Aralarreko larretara helduko gara eta eskuin aldera jarraituko dugu bide-txigorretik. Guardetxeraino 3 kilometro daude. Handik pixkatera Igaratza-ra helduko gara eta bertan artzainen txabolak izango ditugu ikusgai. Baina gu ez gara gure bidetik aterako, pagadi eder baten gerizpean, Pagomari-tik igaroz, nahiz eta neurri batean aspergarria ere gertatu daitekeen nekeak eraginda (toki askotan, bidetik joan ordez, gure ezkerretik eta zuhaitz artean doan beste bide egokiago batetik ere joan daiteke).
Jaitsieraren iraupena: ordu 1 eta 30 minutu