Dakizuenez, Getxo 2014ko Europako Kirol Hiriburua izendatu zuten eta testuinguru horretan hainbat ekitaldi ari dira antolatzen. Horien artean apirilaren 6an, igandea, Osasunaren Mundu-egunean, Itxartu Taldeak GETXON OINEZ BIZI ibilaldia antolatu du. Ekintza hau elkar lanean Getxoko Udalak (Getxo Kirolak-ek) eta Eusko Jaurlaritzak (Osasun Sailak) antolatu dute.
Irteera Algortako Metro plazatik egingo da goizeko 10:00etan, eta ibilbideak 8 kilometro ditu, Areetako Xake plazara iristeko. Gutxiago ibili nahi dutenek Ereagako Turismo Bulegoan egin ahal izango dute besteekin bat 11:00etan, denok elkarrekin azken 3,5 kilometroak egiteko.
Bizkaia Zubira heltzean (gutxi gorabehera 11:30etan) Herri Kiroletako erakustaldi bat egongo da (ibiltari guztiak iristen diren bitartean). Xake plazara 12:00etan ailegatzea dago aurreikusita eta Xake plazan bertan Itxartu Taldearen 5 karpa egongo dira prest “Nola mugitu, hala sentitu. Te sientes como te mueves” ekitaldia burutu dadin. Ekintza hau Osatzen taldeak (Familia eta komunitate-medikuntzaren Euskal Bazkuna) eta KAIT (Kirolaren kudeatzaileen Euskal Elkarteak) antolatuko dute elkar lanean.